XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Loiola'n omenaldi

Txomin Garmendia

Abenduaren 8'an atal ontatik adierazten nun bezela, Santa Luzi egunean eun urte betetzen zitun aiton bat omendu zuten lengo igandez Donosti'ko Loiola'n.

C.D. Loiolatarra Alkarteko bazkide danez dalako aiton Pedro Etxeberria, Alkarte ori izan zan jaialdiaren antolatzaille.

Eun urtean bizitzea bat da eta bestea, Pedro aurkitzen dan bezela aurkitzea!

Urrengo egunean zanez bere urtebetezea, Zumarra'ko perira joateko asmotan zan urteroko oiturari jarraituz; joan bakarrik ez, Etxeberri jatetxe ezagunean angula ta guzti bazkaltzekoa.

Arrapazak anketik!

Goizeko 10,30'tan Meza-Santua izan gendun Jaunari eskerrak emateko eta laguntza berriak eskatzeko.

Elizatik ertendakoan, atarian, aurreskua dantzatu zun gazte batek aiton agurgarriaren aurrean.

Ez da edozein garaitan ikusi liteken zerbait.

Aurrez aitatu dedan Alkartean salda bana artu ondoren, pelotalekura zuzendu giñan partidu eder bat ikustera.

Lazkano eta Aldazabal Lenengoa 25'ra iritxi ziran, Unsain eta Urretabizkaia 23'tan gelditu ziralarik.

Lenengo sakea zeiñi egokitu, aiton omenduak bota zun aidera garai bateko duro zillarra.

Orain botatzen dan txapa ori, oso berria omen da.

Zarran Egoitzan, berreun da berrogeita amar bat lagun exeri giñan bazkaltzeko, eun urteko aitona maiburuko gendula.

Larogeita amaika urteko emaztea Pelipa zun odoan, senarra bezin osoa ez dagonarren, naiko ondo iraun zun.

Pedro Deba'n jaioa dalarik, 1992'garrenetik Loiola'n bizi bada ere; jaioterriko alkate jauna zun ondoan erregali eder batekin etorrita.

Orfeoi Donostiarrak, kantu zoragarriak kantatu zizkigun, idazten ari dan au ere etzan ixillik egon, eta uste baiño azkarrago pasa zitzaigun arratsaldea.

Aitonak, bere biotzeko taupadari eta negarrari eutsi eziñik, esker beroak eman zizkigun.

Oraindik urte batzutarako badagola esango nuke.

Bere lana arrubikoa izan danez, ez da nerekin eta arantzik gabe bizitutakoa Pedro: lenengo emaztea ogeita amabi urtekin il zitzaion eta bigarren onekin, badaramazki berrogeita emeretzi urte.

Joan zan udaran bete ziran eun urte lenengo trena Deba'ra iritxi zala; Pedro jaio zan Loja-Berri basarriaren ondo-ondotik egin zuten trenbidea eta Pedro'k lau urte zitula, trenak su eman zion basarri orri eta ala erre zan betiko.